XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondoren besarkatu, barrez, uretan murgildu eta ura irensten genuen.

Eta osteguna zenez, berdeak ziren bi toailen gainean elkar maitatu genuen, harik eta Arkadi etorri arte, zintek bigarren txandako afarien hondakinak bazeramatzatela esatera.

Maitatzea polita zen, zeren halako batean beste ahots bat zenuen, berea, zuk pentsatutako gauzak edo orduan pentsatzen ari zinena kontatzen zituena, eta beste begi batzuk zenituen, zeren biok ikusten genuena berak beste hitz batzuekin kontatzen bait zuen, eta beste era batera ikusten arituko bazina bezala gertatzen zen, bi modu desberdinez, eta bakoitzak arrazoi punttu bat zuen.

Eta beste gorputz bat zenuen, ordura arte ez bait nintzen neureaz konturatzen ez bazen min hartzen nuenean, belaunean zauri bat egin edo orkatilan ostiko bat hartzen nuenean, hotzak ala beroak nengoenean, eta orain gorputza plazerrerako ere bagenuela jabetu nintzen.

Atzera goiztarren taldekoa nintzen, eta berarekin kabina bera elkarbanatzen nuen, eta dutxen pasiloan goizero festa txiki bat egoten zen, xaboia han eta hemen, kabinaz kabina saltatzen, eta lasterketak egiten genituen gaur zenbat denbora beharko zuen neurtzeko: Arkadik ozenki kontatzen zuen, bat, eta xaboia ordurako Oriol Mussar edo Isabel Visen eskutan, oso txuria eta begiak almendren gisakoak zeuzkan neska haren esku; bi, eta xaboiak airera egiten zuen beste kabina batean erortzeko, Luis Henda edo Klararen eskutan; hiru, lau, eta Andres Nussa edo Neusen ahotsa entzuten genuen, xaboia eskuen artetik labaindu egiten zitzaielako, ate azpitik irristatzeko eta orduantxe toaila lepoan zuela zetorren Anjel Ram labainerazteko.

Une hartan kabinatik irten eta gorputz biluzien (...)